Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/09/11

Jardueren denboraldi berria Emakumeen Topalekuan

Udako oporraldiaren ostean, Ermuko Emakumeen Topalekuak datozen lau hilabeteetarako ekintzen egitaraua aurkeztu du. Antolatu diren ikastaro, hitzaldi eta topaketen helburu nagusia emakumeen ahalduntzea da formazioaren eta ezagutzaren bitartez, horrela gizartean partaidetza areagotu dezaten, diskriminazio orotik at.

Aurreko ikasturteetako parte-hartzaileen iruzkin eta iradokizunetan oinarrituta osatu da egitarau berria, eta interes, gustu eta beharrizan ezberdinei erantzuten saiatzen da. Horretaz gain, Emakumeen Topalekuak berdintasunarekin, feminismoarekin, maskulinitate berriekin edota indarkeria matxistarekin lotutako gai eta arazoen inguruko informazioa eta orientazioa eskaintzen ditu.

Agroekofeminismoa: antolatu, landatu eta gozatu! izeneko erakusketak emango dio hasiera denboraldi berriari, eta jada zabalik eta ikusgai dago Emakumeen Topalekuan. Argazki muntaiez osatutako galeria da, eta bertan ageri dira emakume baserritarrak eta elikadura subiranotasunari lotutakoak, naturarekiko errespetuzkoa eta jasangarria den berdintasunezko jendartea eraikitzeko prest, bizitzak erdigunean kokatuta. Etxaldeko Emakumeak elkartearekin elkarlanean antolatu da erakusketa, eta Topalekuaren ohiko ordutegian izango da ikusgai irailean eta urrian. Gainera, urriaren 24an bisita gidatua egingo da elkarteko emakumeekin batera, eta agroekofeminismoarekin lotutako esperientzien inguruan hitz egingo da. Topaketa 18:00etan hasiko da, eta doakoa den arren, aurrez izena ematea gomendatzen da.

Azaroan, Guatemalan gatazka armatuan bizirauten duten emakumeen inguruko argazki erakusketak hartuko du lekukoa, Entre Amigos – Lagun Artean elkartearen eskutik.

Elkarte horrek berak beste bi topaketa antolatu ditu urria eta azaroa amaierarako. Lehenengoa urriaren 30ean eta 31n izango da, eta bertan Stacy Velasquez Vasquez OTRANS taldeko kidea transgenero izatearen eta horien eskubideen inguruan mintzatuko da. Bigarrenak, aldiz, Guatemalan gatazka armatuan bizirauten duten emakumeak izango ditu ardatz azaroaren 20an eta 29an.

Bestalde, Idoia Eizmendik Mujeres jóvenes y diversas topaketak gidatuko ditu irailaren 29an eta abenduaren 4an. Jatorri ezberdinetako euskal emakumeen arteko topaketa horizontalak izango dira, eztabaidatzeko eta eraikitzeko. Aipatutako hiru bilerak doakoak dira, baina izena eman beharko da plaza gordetzeko.

Gainera, azaroaren 7an, osteguna, Maria Alvaro idazleak Si haces que me sienta menos liburua aurkeztuko du, benetako genero indarkeria kasuetan oinarrituta. Hitzaldia 18:00etan hasiko da.

Jabekuntza Eskolako ikastaroak

Jabekuntza Eskolak ere ikastaro berrien programa prest du jada, eta urteko azken lauhileko honetan lau tailer eskainiko ditu Emakumeen Topalekuan:

Bestalde, urriaren 8an aurtengo kultur irteeraren inguruko lehenengo informazio hitzaldia eta prestakuntza bilera egingo da. Lekua oraindik zehazteke dagoen arren, irteera urriaren 12an egingo da, eta aurrez izena eman eta 5 euroko matrikula ordaindu beharko da. Plazak mugatuak direnez, lehenengo aldiz izena ematen duten pertsonek lekua bermatuta izango dute; behin baino gehiagotan parte hartu dutenen artean, ordea, zozketa egingo da.

Edozein ikastaro edo ekintzetara joan ahal izateko haurtzaindegi zerbitzua behar duten emakumeek izen-emate orrian zehaztu beharko dute, zerbitzua antolatu ahal izateko. Gainera, edozein pertsonak ikastaro eta ekintza berriak proposatzeko aukera du Emakumeen Topalekuan.

Egitarauaren inguruko informazio gehiago jasotzeko, jo Emakumeen Topalekura, deitu 943 17 10 30 telefono zenbakira edo idatzi mezua igualdad2@udalermua.net helbide elektronikora.

Argazki-sorta bistaratzea


Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo